XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1- Non arrapatu ninduten.

Sanxelipu errian atxitu ninduten soldadu gorriak, beste bi Kaputxino misiolari euskaldunekin batean.

Erri ori, Kingyang uri sendotik 18 kilometroko bidean dago, Kansu deritzan Txinako probintzian datza, aren eguzki-aldean, Lungtung ibarrean.

Mila seireun metroko mendiak baditu bere inguruan, eta ibarraren erditik txirristatzen dira Malin ibaiaren urak, bere ondoko bazterrak udaberri udetan jatortu ta edertuz; mota askotako labore ta zituak sortzen dira alde aietan.

Baña legorte aundiko urtetan beldurgarriak dira Malin ibai orren bazterrak.

Ibai gatzerretsu ta orizta onen ondoan ta batez ere eguzki-aldean bizi dira aspaldi aspalditik Setxuang probintziatik etorritako jendetalde aundiak; aietako asko katolikoak dira.

Mariaren Biotz Garbiaren Misiolari belgatarrak lau elizatxo goratu zituzten kristau oiei kontu izateko; bat Malin-en, bestea Sintxiajo-n, irugarrena Luixejo-n ta laugarrena Sanxelipu-n.

Azken onek baditu 50 urte egiñik, ori da eliza-nausia ta or bizi da geienean Mixiolaria.

1913'an, Huixiendie jetxitako lapurrak kixkali ta ondatu zuten;(...).